Asteburuan ospatuko dira Etxanoko jaiak

Ostiralean hasi eta igandera arte luzatuko dira

Ostiral honetan, abuztuaren 14an, hasiko dira igandera arte luzatuko diren Etxano auzoko jaiak. Horretarako, Udalak eta Jai Batzordeak programazio berezia bezain zabala prestatu dute, adin guztientzako pertsonentzako jarduerez osatutakoa. Hiru egun horietan kaleak musikaz, tradizioz eta herri-giroz beteko dira.

Txupinazoa 17:00etan jaurtiko da eta, ondoren, kalejira egingo da Etxanoko erraldoiekin. Txilin eta ur-zezenak ere ez dute hutsik egingo. Arratsaldean, umeentzako puzgarriak eta jolasak, mus txapelketa eta tortilla txapelketa izango dira. Lehenengo jai-eguna Kittu taldearen erromeriarekin amaituko da, 22:30ean.

Asteburuko jarduerak

Abuztuaren 15ean, larunbatean, meza eta pilota jaialdia izango dira goizean, eta 12:00etan Zornotzako Otxoteak emanaldia eskainiko du. 14:30ean herri bazkaria egingo da. Arratsaldean, aitite-amamei omenaldia egingo zaie Etxanoko dantza taldearekin, eta Eingo taldeak dantza-kanta saioa eskainiko du.

Taloak ere izango dira, Ekotaloren eskutik, eta 22:00etan bertso saioa egingo da Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina, Julio Soto eta Alaia Martin bertsolariekin. Ordu berean, umeentzako zinema eskainiko da eskolan.

Etxanoko jaietako kartela. A. U.

Igandean, abuztuaren 16an, egitaraua 09:30ean hasiko da Xeberren omenezko mendi martxarekin. Goizean zehar, meza eta artzain txakurren lehiaketa ere egingo dira. Arratsaldean, umeentzako marrazki lehiaketa eta ginkana, Zirkozaurreren “Ardatzak” antzezlana eta hirukoteen arteko briska txapelketa izango dira.

20:00etan parrillada egingo da eta, 22:00etan, Gozategi taldeak kontzertua eskainiko du. Ondoren, txokolatada egingo da jaiei amaiera gozoa emateko eta Txorimaloari agur esateko.