Eibarko Udalak ekintza plana berrikusi nahi du
Eibarko Udalak Eibar Lagunkoia egitasmoaren baitan lan fase berri bati ekin dio, 2018az geroztik garatutako ekintza plana berrikusteko. Helburua da zahartzaro aktiboarekin, autonomia pertsonalarekin, irisgarritasunarekin eta parte-hartze sozialarekin lotutako udal politikak eguneratzea.
Lehenengo urratsa egindako bidea aztertzea izango da; hau da, zer egin den, zer emaitza lortu diren eta azken urteetan, batez ere pandemia ostean, sortu diren beharrak eta erronkak nola erantzun behar zaien hausnartzea.
Berrikuspen horretatik abiatuta, Udalak diagnostiko berri bat osatuko du, otsailean egindako azterketa sozialaren ekarpenak kontuan hartuta. Helburua da Eibarko adinekoen bizitza egunerokoa, beharrak, iritziak eta proposamenak hobeto ezagutzea, datozen lau urteetarako ekintza plan berri bat partekatuan diseinatzeko.
Prozesu honetan, Adinekoen Mahaiak protagonismo berezia izango du, haien ahotsa entzutea eta batera herri atseginagoa, irisgarriagoa eta inklusiboagoa eraikitzea ezinbestekoa delako.
Eibar 2015etik adinekoekin lagunkoiak diren hiri eta komunitateen sarean dago, eta urte hauetan egindako ibilbideari jarraipena emanez, herritarren ongizatea eta komunitate kohesioa indartzen jarraitu nahi du.




