22 ikasle Zornotzako Aurten Bai barnetegian ikastaro trinkoa egiten ari dira

22 ikasle Zornotzako Aurten Bai barnetegian ikastaro trinkoa egiten

Poloniako bost ikaslek, Ameriketako Estatu Batuetako lauk, Alemaniako lauk, Estatutik etorritako beste lauk (hiru Bartzelonatik eta bat Madrildik) eta Finlandia, Frantzia, Italia, Txile eta Uruguaitik etorritako ikasleek osatutako talde bat Zornotzako Aurten Bai barnetegian ikastaro trinkoa egiten ari dira abuztuaren 3tik, eta esperientzia bihar, hilaren 14an, amaituko da.

22 ikasleok Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko unibertsitate sarean euskara eta euskal kultura ikasten dihardute, eta aurretik, uztailaren 13tik 24ra, beste 16 ikaslek parte hartu zuten programaren lehen txandan. Guztira, 38 ikaslek hartuko dute parte uda honetan, ikasturtean zehar eskuratutako ezagutzak sendotzeko eta sakontzeko aukera izango dute.

Euskara ikasteko bekak

Etxepare Euskal Institutuak 2012tik eskaintzen ditu euskara ikasteko egonaldiak egiteko bekak. Aurten Bai Fundazioarekin duen hitzarmenaren baitan, Institutuaren unibertsitate sareko ikasleek ikastaro trinkoak egiteko aukera dute Zornotzako Aurten Bai barnetegian. Egonaldi hauek ikasleek euren jatorrizko unibertsitateetan ikasturtean zehar jasotzen duten prestakuntza osatzeaz gain, euskararen ezagutzan sakontzeko aukera ematen diete.