Elorrioko Solatsu Telleriak “Mahastien Artean” jaialdiaren 7. edizioa hartuko du udaren amaieran

Mahastien Artean jaialdia irailaren 11tik 13ra egingo da Elorrioko Solatsu Tellerian

Irailaren 11tik 13ra, Durangaldeko hainbat tokitan, kultura, gastronomia eta Bizkaiko txakolina uztartuko dituen programa interesgarria egongo da. Bizkaiko Txakolina Jatorri Deiturak eta Urkiola Landa Garapenerako Elkarteak antolaturik, “Mahasti Artean” jaialdia Durangaldera iritsiko da bere zazpigarren edizioan.

Jaialdia udaren amaierarekin eta mahats-bilketaren hasierarekin bat etorriko da. Hiru egunez, eskualdean esperientzia gastronomiko eta kulturalez jantzitako irteera ugari izango dira. Aurreko urteetan beste zonalde batzuetan ospatu ondoren, aurtengo edizioa hiru kokaleku berezitan egingo da: Amorebieta-Etxanoko Etxanojauregi mahastia, Durangoko Azoka, eta bereziki, Elorrioko Solatsu Telleria.

Elorriori protagonismo berezia eskainiko zaio. Irailaren 12an, larunbata, goizeko 11:30etan “Mahasti Yoga” saioa egingo da. IZAKI Yogako Miren Mentxak izango da irakasle. Saioaren ondoren, bisita gidatua egingo da Solatsu teileria historikoan, eta Bizkaiko lau txakolin dastatzeko aukera izango da, Saltsanek prestatutako produktuekin.

Aste bukaerako egitaraua anitza izango da, ostiralean María Cruickshank-en umore-bakarrizketa eta larunbat gauean Zea Mayseko Aiora & Piti eta Arima Soul-en kontzertuak izango direlarik. Igandean, Durangoko historia eta sukaldaritza zaporeek ibilbide gidatu batean bat egingo dute.

Sarrerak eta informazio osagarria lor daitezke jaialdiaren webgune ofizialean: www.bizkaikotxakolina.eus.