Emakundek indarkeria digitalaren forma berriei buruzko prestakuntza eskaini die biktimak artatzen dituzten profesionalei

Indarkeria digitalaren aurkako prestakuntza Bilbon

Gaur Bilboko Bidebarrieta liburutegian Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak “Pantailen eta isiluneen artean: haur eta nerabeen aurkako indarkeria matxista mota berriak” jardunaldia inauguratu du. Jardunaldi honetan, 200 profesional inguru bildu dira indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak artatzeko gakoak jorratzeko.

Topaketak indarkeria matxistaren biktimak artatzeko erakundeen arteko III. Akordioan ezarritako konpromisoen emaitza da. Akordioaren helburua, honako hau da: biktimei arreta ematen dieten erakundeen arteko koordinazioa hobetzea, babes integral bat eskaintzeko.

Prestakuntza saioa gazteen ingurune digitalean jasaten dituzten indarkeria-mota berrietan oinarritu da, Elgarrestak adierazi duenez, Interneten zabaltzen ari diren eduki asko emakumeen eta neskatoen aurkako mezu matxistak dituzte.

Jardunaldian adituek indarkeria matxistaren aurkako esku-hartzeak, prebentzioa eta detekzioa landu dituzte. Besteak beste, Noemí Pereda psikologoak nerabeen aurkako sexu-indarkeria aztertu du, eta Carmen Ruiz Repullo soziologoak nerabeen pornografiari buruzko hitzaldia eskaini du.

Elvira García Mingo aditua teknologien rolaz aritu da, eta Pilar Kaltzada Save The Childreneko lehendakariak indarkeria digital berriaren aurrean kontrol algoritmoen gaineko hitzaldia eman du.