Axpeko jaiak txopoaren jasotzearekin hasiko dira

Axpeko San Juan jaiak prest

Axpeko auzoak San Juan jaien egitaraua prest dauka, ekainaren 19tik 24ra bitartean ospatuko dena. Jai hauetan musika, gastronomia, kirola eta tradizioa uztartuko dituzten ekitaldiak izango dira.

Barikuan, ekainaren 19an, Atxondoko II. Pilota Goxua Txapelketako finalaurrekoak jokatuko dira, arratsaldeko 17:30etan. Horrekin batera, pintxo-pote animatuak izango dira eta, 20:30ean, herritarrek txopoa jasoko dute jaien hasiera ofiziala emateko. Gaua Fosil, Fito Skins eta Nevadah taldeen kontzertuekin eta DJ Bullen saioarekin luzatuko da.

Mozorro egunaren programazioa

Zapatuko Mozorro Egunak gastronomia eta jai-giroa izango ditu ardatz. Sagardo eta sagar-zuku dastaketak, sukaldaritza lehiaketak, herri bazkaria eta musika izango dira egitarauan. Domekan artisautza eta nekazal produktuen azoka, meza nagusia, euskal dantzak eta igel txapelketa ere izango dira.

Egitarauak astelehenean atseden hartuko du, baina ekainaren 23an berriro ekingo zaie ospakizunei San Juan suarekin eta txokolate janarekin. Azkenik, ekainaren 24an amaituko dira jaiak jubilatuentzako luntx bereziarekin.