Elorriok gizarte zerbitzu eta programak ezagutarazteko azoka antolatu du

Elorriok Zerbitzu Azoka Antolatu Du

Ekainaren 19an, Elorrio Lagunkoia “Txantxibiri” taldearekin elkarlanean, udalak gizarte zerbitzu eta programak ezagutarazteko azoka antolatu du. Azoka turismo bulegoaren aurrean egingo da, 12:00etatik 14:00etara. Eguraldi txarra egonez gero, udaleko arkupeetan lekualdatuko da.

Ekimena 2023ko maiatzaren 4an aurkeztutako Lagunkoitasun Diagnostikoaren ondorioz sortu da, NBEk bultzatutako “Adinekoekin lagunkoiak diren hiriak” estrategiaren baitan. Diagnostiko horrek Elorrioko beharrak identifikatzeko aukera eman zuen, eta herriko sare asoziatiboa indartzea lehentasunezko ekintza gisa irudikatu zen.

Azokaren bidez, herritarrek laguntza, zainketa eta gizarte-dinamizazioarekin lotutako hainbat programa eta zerbitzuren berri izango dute. Elorrio Lagunkoia “Txantxibiri”, Herrizaintza, Belaunaldi Artean, Zatoz Gurekin eta etxeko lanerako informazio eta aholkularitza zerbitzua, baita Zaindu programa eta Mankomunitateko Adinekoen Zerbitzua ere egongo dira.

Horrela, adinekoen ongizatea, nahi gabeko bakardadearen prebentzioa, belaunaldien arteko harremanak eta zaintzarekin lotutako orientazioa lantzen dira, besteak beste. Udalaren helburua herritarrei baliabide horien berri ematea da, herri zaintzaileago, parte-hartzaileago eta lagunkoiago bat eraikitzen jarraitzeko.

Udalak herritarrak gonbidatu nahi ditu azokara hurbiltzera, informazioa jasotzera eta herrian martxan dauden programen berri zuzenean ezagutzera.