Lekeition, baratzezaintza eta auzolana uztartzen
Lekeitiok ekainaren 6an parte-hartze, jasangarritasun eta auzolanaren inguruko ekimen berezi bat jarriko du abian. Ekimen honetan baratzezaintza jasangarriari buruzko prestakuntza-saio berri bat izango da, eta Herrittarron Ortuko kartel berriaren aurkezpena ere egingo da Usotegiko parkean.
Ikastaroa Gabino Murua adituak gidatuko du, eta bi orduko saio teorikoan ohiko eta sasoiko landareez gain, meloia, sandia, zainzuria edo orburuak bezalako laborantza gutxiago ezagutzen direnak ere jorratuko dituzte. Ondoren, parte-hartzaileek ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute.
Ekimen honek eskualdean oso harrera ona izan du; izena emateko epea ekainaren 4an amaituko da, eta oraindik azken plaza batzuk libre daude.
Auzolanaren garrantzia
Ikastaroaren ondoren, 12:30ean, Usotegi parkean, Herrittarron Ortuko kartel berria inauguratuko da. Bertan, kartelaren aurkezpenarekin batera, horma-irudiaren esanahia azalduko da. Kartela eta horma-pintaketa Mari Tala pintura taldeko kideek eta Lekeitio Bedarra taldeko lagunek elkarrekin sortu dituzte. Gainera, Kakorratz taldeak egindako estalki berezi batekin estalita egongo da kartela.
Ekitaldian Lekeitioko Lagunkoia taldea, herriko auzolan taldeak eta udaleko ordezkariak izango dira, komunitatearen lankidetza eta auzolanaren balioa azpimarratuz.
