Tabirako futbol zelaiko LED argiztapen-sistema berria martxan da
Tabira kirolguneko futbol 11 zelaiko argiztapen-sistema berritzeko lanak amaitu dira eta LED teknologia berria jada erabat martxan dago. Durangoko Udalak, Durango Kirolak-en bidez, bultzatutako jarduera honek hobekuntza nabarmena ekarri du udalerriko kirol-instalazioen kalitatean eta iraunkortasunean.
Argiztapen berria: eraginkorragoa eta iraunkorragoa
Obrak amaitu ostean, eta 94.276,86 euroko aurrekontuarekin, 300 lux-eko LED sistema berria jarri da martxan zelaian. Sistema honek argiztapen uniformetasun handiagoa eskaintzen du eta egungo kirol estandarrak betetzen ditu, energia-eraginkortasuna eta ingurumenarekiko errespetua uztartuz.
Esku-hartze honi esker, proiektore zaharrak azken belaunaldiko LED teknologiarekin ordezkatu dira, 300 lux-eko argiztapena eta %60ko uniformetasuna lortuz, kirol federazioek ezarritako baldintzak gaindituz. Hobekuntza honek baliabide publikoen kudeaketa eraginkorragoa eta jasangarriagoa egitea ahalbidetzen du.
Kontrol sistema aurreratua eta bermea
Sistema berriak kontrol integral bat du, argiak urrunetik piztu eta intentsitatea erregulatzeko aukera ematen duena, erabilera-beharretara egokitutako agertoki programagarrien bidez. Lan guztiak indarrean dagoen araudia errespetatuz egin dira, eta segurtasuna nahiz ingurumenarekiko errespetua bermatzen duten irizpide tekniko zorrotzak bete dira.
Instalazio berriak bost urteko bermea du, matxuren kasuan ekipamenduaren mantentze-lanak eta ordezkapenak barne hartzen dituena, baita urteroko berrikuspenak ere, ezarritako argiztapen-mailak betetzen direla bermatzeko.
Durangoko Udalaren hitzak
“Berrikuntza honekin gure kirol-instalazioetan kalitate jauzi bat egiten dugu, futbol zelai modernoago, eraginkorrago eta egungo beharretara egokitua eskainiz. Erabiltzaileen esperientzia hobetzeaz gain, energia eta ingurumenaren ikuspegitik kudeaketa arduratsuago baten aldeko apustua egiten ari gara. Tabira Kirolgunearen eraldaketa integralaren lehen urratsa da, eta datozen asteetan hasiko da”, adierazi du Iker Txertudi Durangoko Udaleko Kirol zinegotziak.
